Gurutzetako ospitaleko larrialdietako profesionalek idatzi eta Bizkaiko medikuen elkargoak zabaldutako komunikatuaren harira, OSATZENEK HONAKO HAU AIERAZI NAHI DU:
Lehenik eta behin, guztiz zilegia iruditzen zaigu gure lankideen aldarrikapena, bai beren lanari dagokionez, bai lan horren baldintzei dagokienez, bai eta egoera hobetzeko beharrezko diren berehalako konponbideen eskaerari dagokionez ere. Nola ez dugu egoera horrekin enpatizatuko Lehen Mailako Arretako langileok!
Bigarrenik, uste dugu guztiek berrikusi behar dugula egiten dugun lana eta lan hori egiteko modua (eta halaxe egiten dugu), eta autokritikaz aztertu behar dugula geure lan egiteko modua, dela modu indibidualean dela taldean, Lehen Mailako Arretako taldeetan. Horrela bakarrik lortuko dugu hobetzen jarraitzea eta gauzak gero eta hobeto egitea.
Alabaina, guztiz makurra eta aldrebesa iruditzen zaigu sistema sanitarioaren beste egitura batzuek okerrera egin izanaren errua historikoki gaizki tratatua izan den kolektibo bati egoztea, are gehiago sistematikoki behar baino baliabide gutxiago ematen zaizkionean, beti azkena denean sistema sanitarioko lehentasunetan eta askotan beste sektore batzuen beharren arabera egiten duenean lan (nahiz eta kontrara egin beharko litzatekeen), sarritan larrialdietako zerbitzuari gertatzen zaion bezala.
Gogoan izan Lehen Mailako Arretan kolapsatzeko zorian egiten dugula lan duela urte askotatik eta azken hilabeteotan, batik bat, esfortzu izugarria egin behar izan dugula ohi baino lan gehiago hartu behar izan dugulako baliabideak argi eta garbi txikiagoak izan arren. Aldarrikapenak eta gure agintariek jendaurrean esandakoak gorabehera, Lehen Mailako Arreta ez da izan, inondik ere, lan hori guztia aurrera ateratzeko beharrezko diren errefortzu eta baliabideen hartzaile nagusia.
Eta, jakina, ez ahaztu Lehen Mailako Arretaren egoera eta sistema barruan duen tokia hobetzea onuragarria izango dela ez bakarrik herritarrentzat, baita sistema sanitario publikoa osatzen duten beste egitura guztien funtzionamenduarentzat eta eguneroko lanarentzat ere.
Hori guztia dela eta, uste dugu larrialdietakoek, beren egoera hobetu nahi badute, Lehen Mailako Arretan egiten den lana kritikatu beharrean, hobe luketela Lehen Arreta Arnasberritzen edo Osatzen kolektiboek azkenaldian egin ditugun aldarrikapenak babestea, koherenteagoa eta, batik bat, eraginkorragoa izango bailitzateke.
Komunikatu honen asmoa ez da aurrekoaren erantzuna izatea edo eztabaida publikoa piztea. Aipatutako beste komunikatu horretan sumatzen ziren ideia batzuk argitu nahi ditugu, besterik ez. Gainera, Lehen Mailako Arretan egiten den esfortzua aitortu eta ezagutarazi nahi dugu, batik bat azken urte honetan, gauza izan baikara lehendik ere bageneukanari gaineratu zaion lan-kargari erantzuteko, plantilla oso urria izan arren.
OSATZENEN ZUZENDARITZA BATZORDEA