LANTALDEAK
LANTALDEAK
LANTALDEAK
FIBROMIALGIA, MIGRAINA ETA MIN KRONIKOA
Lantalde guztiak zein gai bateko erreferenteak funtsezko oinarria dira gure elkarte zientifikoan, eta balio erantsia ematen diote Osatzeni, Familia Medikuntzarekin, elkartearekin eta herritarrekin duten konpromiso handiari esker.
AURKEZPENA
Osatzeneko fibromialgiari, migrainari eta min kronikoari buruzko lantaldearen helburua da prozesu horiek hobeto jorratzea; izan ere, prozesu horiek bereizgarri komun bat dute: arintzen ez den min bat sentitzen da, hari lotutako kalterik egon gabe. Gure ustez, neurobiologiak eta neurozientziak minaren pertzepzioari buruz azken urteotan egin dituzten ekarpenak erabakigarriak dira azken mendean zurrun mantendu den minaren inguruko paradigma aldarazteko.
Farmakoetan soilik oinarritutako minaren tratamendua ez da eraginkorra izan, eta, horrez gain, eragiten dituen albo-ondorioak direla eta, okerrera egiten du pazienteen bizi-kalitateak.
Gure ustez, lehen mailako arretako erizainak, medikuak eta fisioterapeutak minaren neurobiologiaren arloan prestatzea, beren pazienteekin ikuspegi horretatik lan egiteko, oso jarduera baliagarria da min iraunkorraren tratamendua eraginkorragoa izan dadin; izan ere, hori jada frogatu dute lantaldeko kideek, egin dituzten zenbait saiakuntza klinikotan.
Lehen mailako arreta, haren ezaugarriak kontuan hartuta –luzetarako joera, asistentziaren jarraitutasuna eta jorraketa integrala–, eremurik egokiena da egitasmoa garatzeko, baina, halaber, beste espezialitate batzuk ere, hala nola minaren unitateak, traumatologia eta neurologia, ezagutza horietan prestatu beharko lirateke.
Dagoeneko jarrita dauden materialak eta webgunean jartzen joango garen beste batzuk baliatuta –aurrez aurreko edo online ikastaroekin batera– helburu hori lortzen saiatuko gara.