Euskal Autonomia Erkidegoko ESIetan gaur egun formazioan dauden egoiliarrei zuzendutako hainbat email argitaratu dira azken asteotan. Osatzen-en izenean gertakariotan inplikatuta egon diren egoiliar guztien alde hitz egin nahi dugu.
Lehenengo igorririko mezu elektronikoan egoiliarrei beren eguneroko formakuntza jardueretara joateari uzteko eskatu zitzaien horren ordez PCRak egitera joan zitezen arratsaldez eta inolako ordainsaririk gabe, lan hori egiteko osasun-langileen falta zegoela-eta. Argi utzi nahi dugu gure ustez ez dela etikoa langileen altruismora jotzea gainezka egiten duen osasun-sistema baten gabeziak betetzeko. Mezuan, besteak beste, adierazten zuen egoiliarrek egiten duten lan guztiengatik dirusaririk espero ez zezatela. Hitz horiek agerian uzten dute egoiliarrei prestakuntza-fasean egotearen izenean beren BAME etapari dagozkion helburuetatik haratago doazen erantzukizun eta lanak betetzea eskatzeko joera. Zailtasunei elkar hartuta eta taldean aurre egin beharko litzaiekeela uste dugu, baina egiten den lanari ekonomikoki zein formakuntza aldetik balioa emanez.
Gainera, azpimarratu nahi dugu gure ESIetako egoiliarrek hainbat borondatezko lan egiten dituztela beren prestakuntzan zehar inolako dirusaririk jaso gabe, besteak beste, ikerketa-lanak egiten dituzte, lan-taldeetan zein osasunarekin lotutako elkarteetan kide dira, eskala txikian irakaskuntza prozesuetan parte jartzen dute… Guzti hau aspalditik da jada egoiliarraren prestakuntza prozesu naturalaren parte. Osasun-langileen eskasiagatik arratsalde oso bat PCR frogak egiten emateak ez dugu uste esperientzia handiagoa ekarriko dienik egoiliarrei. Hori horrela izanik, muturreko egoera baten aurrean gisa honetako laguntza-dei bat egiten denean iruditzen zaigu deialdiaren hartzailearen ezezkoa ezinbestean onartu beharko litzatekeela.
Bestetik, gure ESIetako bateko Larrialdietako buruak zerbitzu horretan lan egiten zuten egoiliarren artean zegoen COVID19aren intzidentzia altua salatu zuen beste mezu elektroniko batean. Honi buruz, argi utzi nahi dugu egoiliarrak pertsonak direla langileak baino lehen. Medikuak izateagatik ez dutela immunitate berezirik garatzen eta, beraz, biztanleria orokorra bezala kutsatzen direla, adin-taldearen arabera, eta, hortaz, intzidentzia-tasa metatu bera erakusten dutela. Mezuan aipatzen zen egoiliarrak ez direla ospitaleetan beren lan jardueran kutsatzen, handik kanpo baizik, eta hori gutxi balitz, ez dituztela prebentzio-neurriak behar bezala betetzen beren lan-ordutegitik kanpo. Gure ustez, alde batera geratu beharko lirateke era honetako salaketak.
Gure inguruan lankide bat gaixotzea kezkatzeko arrazoi eta tristura kontua izan beharko litzateke. Bidegabea iruditzen zaigu gaixotze hau epaiketa batekin batera jasan behar izatea. Seguraski, akusazio hauek egoilarrek lan egiten duten zerbitzuari hauen lan bajak ekarri liezaiokeen lan karga gehigarriari zuzenki lotuta dator, pandemia garaian are gehiago nabarmenduta dagoena. Iruditzen zaigu horrek argi eta garbi uzten duela gure osasun-sistemak egoiliarren lanarekiko duen mendekotasuna.
Osatzen-etik eskerrik beroenak luzatu nahi dizkiegu pandemia hasi zenetik gure osasun-sistemako puntu guztietan eguneroko lana aurrera ateratzeko hainbeste lan egiten duten eta egin duten egoiliar guztiei. Eskerrik asko.