Familia Medikuntzaren Nazioarteko Eguna dela eta, Osatzendik hausnarketa labur bat egin nahi izan dugu gure espezialitateari buruz: nor garen, zein unetan gauden eta datozen urteetan ze motatako Familia Medikuntza eraikitzen jarraitu nahi dugun.

Familia eta Komunitate Medikuntza pertsonengandik hurbil dagoen espezialitatea da. Pazienteak eta komunitateak bizitzaren etapa guztietan laguntzen ditugu: osasunaren prebentziotik eta sustapenetik hasi, arreta klinikora, etxeko arretara edo zainketa sinpleenetara arte. Gure begiradak alderdi biologikoak, emozionalak, sozialak eta komunitarioak uztartzen ditu, osasuna ezin delako soilik gaixotasunaren ikuspegitik ulertu.

Beti nabarmendu nahi izaten dugun beste alderdi bat ere bada: arretaren jarraipenak denboran duen garrantzia. Pertsonak urte luzez Lehen Arretako talde berak hartzen dituenean, osasun-emaitzak hobetzen dira, larrialdietarako kontsultak gutxitzen dira eta zaintzaren parte den konfiantzazko harremana sendotzen da.

Osatzenetik ebidentzia zientifikoan oinarritutako Familia Medikuntza defendatzen dugu, pertsonak eta haien ingurunea erdigunean jartzen dituena. Arina, eraginkorra eta pazienteen beharrei erantzuteko beharrezko koordinazioa bermatzeko gai dena.

Horretarako, uste dugu garrantzitsua dela ospitalean oinarritutako eredutik harago joatea eta Lehen Arretan sisteman ardaztea. Era berean, ezinbestekoa da osasun-sistemaren barruan zein kanpoan dauden eragile guztien parte-hartzetik eta lankidetzatik eraikitzea.

Izan ere, Familia eta Komunitate Medikuntza defendatzea zaintzeko eta osasuna eraikitzeko modu bat defendatzea ere bada.