Familia Medikuntza maitea

Biztanleria hain osasuntsu egon arren hain gaixo sentitzen den garai honetan, edozein bizi-prozesu medikalizatzea onartu dela dirudienean; zu lasaitzeko eta gaindiagnostikotik eta gaintratamendutik babesteko, gertutasunez, zentzuz eta hizkera ulergarri batez familia mediku bat zure ondoan eduki ahal izatea, oso baliotsua da pertsona eta familientzat. Baita osasun sistemak duen tresna eraginkorrenetako bat ere.

 

Espezialitate gaztea eta hurbila 

Familia eta Komunitateko Medikuntza espezialitatearen gauzarik erakargarrienetako bat, edozein adin tarteeko pertsonak zaindu (gazteak, adinekoak, haurdun daudenak, umeak…) eta haien bizitzaren zati handi batean jarraitzeko aukera da. 

Familiako mediku (FM)  batek, osasun-zentroetan ez ezik, beste eremu batzuetan ere jardun dezake, hala nola ospitaleko larrialdietan, etxeko ospitaleratzean edo zainketa aringarrietan. Gainera, Familia Medikuntzaren praktikak irakaskuntzan eta ikerketan inplikatzea ahalbidetzen du.

Gaixotasun batekin hasten diren pertsonak artatzen ditu FMk, baina denbora eta ahalegina ere eskaintzen die gaixotasunaren prebentzio zein osasunaren sustapenari, gaixotzeko arrisku-faktore desberdinen aurka lan eginez.

 

Osasun-asistentzia eta luzerakotasunaren arteko harremana 

Gaur egun, ebidentzia zientifiko sendoak daude FM berdin batek herritarrak urteetan artatzeak dakartzan onuren inguruan, bai eta osasun-sistemaren eraginkortasuna hobetzen duela ere. 

Mediku berdina denboran duten pazienteak gutxiago joaten dira larrialdietara, gutxiagotan ospitaleratzen dituzte eta heriotza-tasa ere murriztu egiten da. Onura horiek nabari daitezke FMa leku berean 2 edo 3 urtez egonda eta 15 urtera arte luzatzen bada, emaitzak hobetu egiten dira.

Ikusitako morbimortalitatearen murrizketaren magnitudea dagoeneko ezarrita dauden osasun-arloko esku-hartze askorenarekin konpara daiteke, edo zuzenean gainditu dezakeela esan genezake. Horregatik, aitzakiarik gabe, ezinbestekoa da osasun-sistemen lehentasunen artean medikuak eta familiako medikuak ahalik eta denbora gehien egotea lanpostu berean.

 

Pertsonenganako bokazioa

Familiako medikuntzan espezialista izatea pertsonetan espezialista izatea da; horregatik, besteak zaintzeko bokazioa duten profesionalak erakartzen ditu, afektibitatetik, hurbiltasunetik eta pazientea eta bere familia-ingurunearen ezagutzatik abiatuta, konfiantza denborarekin lortzen den gauza bat dela jakinda. Famili mediku batek, familia bereko hiru belaunaldi ezagutzen dituenean, familia horren parte izatera heltzen da. 

 

Familia-medikuntzaren aintzatespena

Familia eta Komunitateko Medikuntza espezialitate gazteenetariko bat da. Hala ere, “médico de cabecera” oinordeko gisa, ezagunenetakoa eta herritarrengandik hurbilen dagoena da.

Hala eta guztiz ere, politikarien adierazpenak adierazpen, ez dauka merezi duen errekonozimendurik. Ez da ulertzen Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) familia-medikuntzari buruzko ezagutza-arlorik ez izatea. Hainbeste balio krisian dauden garai hauetan, familia-medikuntzan inbertitzea osasun-sistema jasangarriago eta eraginkorrago batean inbertitzea da.