1. Kezkatu egiten gaitu Osakidetzako buruen eraginkortasunik ezak Euskal Osasun Publikoaren egiturazko arazoak konpontzeko orduan:

  • Osasun-zerbitzu guztietan itxaron-zerrendak luzatzea:
    • Lehen Mailako Arretan
    • Osasun-zentroetan eta anbulatorioetan
    • Diagnostiko-proba osagarriak egitean
    • Espezialisten kontsultetarako irisgarritasunean
    • Ebakuntza kirurgikoetan
  • Pazienteak sektore pribatura pasatzea; horrek diru publiko ugari transferitzeaz gain, ez du arazoa konponduko, eta seguru asko iraun egingo du. Ez da arazo koiunturala, egiturazkoa baizik.
  • Oporraldietan nahiz epidemia-garaietan oheak ixtea eta osasun-zentroetan eta anbulatorioetan arreta-ordutegia murriztea ez da batere erabaki egokia, eta ospitaleko larrialdiak gainezkatzea eragiten du.

 

2. Beste modu batera antolatu behar da herritarrei ematen zaien laguntza. Dena ez da osasun-kontsumoa.

  • Osasun-zentroetan galtzen ari da arreta pertsonal eta integrala, batik bat adineko pertsonei zuzendurikoa. Kontsulta ez-presentzialak beharrik gabe ugaritu dira.
  • Ahultzen ari da medikuek eta erizainek pazientearekin duten harremana.

Horregatik, ezinbestekotzat jotzen dugu:

  • Medikuen eta erizainen jarraitutasuna indartzea beren lanpostuetan, eta zailtasun bereziko lanpostuetarako (familia-medikuak, landa-medikuak…) pizgarri-sistemak ezartzea.
  • Nahasmendu mental arinen kasuan sendagaien kontsumoa mugatzea, laguntza egokia emateko profesionalen faltagatik areagotzen ari da-eta.

 

3. Osasun-agintariek ez digute gardentasunez eta argi azaltzen osasun-sisteman zer gertatzen ari den.

  • Osakidetza erakunde ez-demokratiko bihurtzen ari da.
  • Duela urte batzuetatik hona, etorkizuneko ikuspegia falta zaio osasun-plangintzari, eta erabat ez-efizientea da kudeaketa.

Informazio- eta partaidetza-prozesu eta -tresnak ireki behar ditugu, hala osasun-profesionalentzat nola pazienteentzat, erabaki hobeak hartzeko eta baliabideak hobeto kontrolatzeko.

 

4. Osasun Zerbitzu Publikoa – Osakidetza denon ondarea da. Defendatu eta hobetu egin behar dugu.

 

GAUR-GAURKOZ, PROPOSAMENIK EZ DAGO Osasun Sailaren aldetik, azaldutako arazoak konpontzeari begira:

  • Nora bideratuko da Osasuneko aurrekontuaren gehikuntza?
  • Nola kudeatuko dira itxaron-zerrendak? Baliabide propioak hobeto antolatuz ala baliabideak pribatura desbideratuz?

Gardentasuna, informazioa eta partaidetza eskatzen ditugu erabakiak hartzeko orduan!

OSASUNAREN ALDEKO EUSKAL FOROA