Azken hilabeteetan bi bilera egin ditugu Lehen Mailako Arretako Zuzendariordetzarekin, eta horietan Asistentzia Sanitarioko zuzendariak ere parte hartu du. Topaketa hauek, Administrazioaren aldetik izaera informatiboa izan dute batez ere; eta hauetan dagoeneko aurreikusita edo martxan dauden lan-ildo eta neurriak helarazi zaizkigu. Osatzenetik, espazio horiek baliatu ditugu gure kezkak plazaratzeko eta Lehen Arreta indartzera bideratutako proposamenak aurkezteko.
Edozein neurrik talde osoaren arreta longitudinala indartu behar duela, kategoria profesional bakoitzaren gaitasunak ahalik eta gehien aprobetxatu, desburokratizazioan aurrera egin eta bigarren mailako arretarekiko koordinazioa hobetu behar dutela azpimarratu dugu. Gure elkarte zientifikoarentzat, longitudinaltasuna, mini-talde egonkorrak eta koordinazio eraginkorra ezinbesteko oinarriak dira.
Lehen bileran, Lehen Arretaren oraina eta etorkizunari lotutako gai giltzarriak helarazi genituen: longitudinaltasuna sendotzearen beharra, talentua erakartzeko eta mantentzeko lan-baldintzak hobetzea, Lehen Arreta sistemaren ardatz nagusi gisa indartzea eta estaldura zailko plazei lotutako desberdintasunak zuzentzea. Osakidetzaren aldetik, irisgarritasuna hobetzeko interesa azaldu zuten, bereziki web bidezko hitzorduaren bidez.
Bigarren bileran Lehen Arretako Kudeaketa eta Helburuen Planean jasotako neurriak aurkeztu zitzaizkigun, hala nola laguntza itinerantearentzat ibilgailua, medikazioaren luzapen automatikoa, erizaintzako triajea, web bidezko hitzorduaren hobekuntza edo telekontsulta. Osatzenetik adierazi genuen neurri horietako batzuek, planteatuta dauden moduan, ez dietela Lehen Arretaren egiturren beharrei erantzuten eta longitudinaltasuna bezalako funtsezko elementuak ahuldu ditzaketela, baldin eta irizpide argi eta ebaluagarriekin aplikatzen ez badira.
Egungo azpiegiturazko gabeziaren eta azpifinantzaketaren testuinguruan, ekimen batzuk behin-behineko konponbide gisa uler daitezke. Hala ere, honako hauek defendatu genituen: egiturazko erreformek talde egonkorrak indartzera, kalitatezko irisgarritasuna bermatzera, ez soilik berehalakotasunean oinarritutakoa, eta lehen mailako arretaren irakaskuntzara, ikerketa eta ebazpen-gaitasuna sustatzera bideratuta egon behar dutela.
Bilerak giro adeitsu batean egin dira. Garrantzitsua iruditzen zaigu azpimarratzea espazio horiek ez dutela erabakiak hartzeko parte-hartze eraginkorrik ekarri, baizik eta, jada definitutako neurrien inguruko informazioa jasotzea batez ere. Hala ere, uste dugu bertan egon behar dugula eta argi defendatu behar dugula sustatzen dugun Lehen Arretaren eredua.
Berretsi egiten dugu elkarrizketa instituzionalean modu aktiboan parte hartzeko dugun borondatea, jarrera sendo eta eraikitzaile batekin, populazioaren benetako beharretan oinarritutako Lehen Arreta sendo baten alde.
Utzi iruzkin bat