Maiatzaren 7an, pandemia hasi eta 14 hilabetera, aire libreko aurkezpen batean, argia ikusi zuen Covid/19 Liburu Zuriak (https://covid19liburuzuria.eus/eu/). Hamahiru alorretako profesionalek, pandemiak ekarri duen shock egoera eta ondoriozko nekeari astintzeko 175 proposamen landu dituzte. Osasungintza, ekonomia, arlo soziala edo eta hezkuntza, hausnarketan eta ebidentzian oinarritutako proposamenak dakartzate. Pandemiari modu anitzean begiratu eta hausnarketarako gonbitea egiteko ernamuina izatea du xede liburu zuriak. Nahiz eta agian pandemia baino sindemia hitza egokiagoa litzatekeen, SARS-CoV-2 birusak ez baitu modu berean eragin ez mundu globala ezta gure mundua ere, osasun inekitateek (inequity) eta baldintzaile sozialek bere eraginak modu desberdinean banatu baitituzte. Osasungintza soziosanitarioari dagokionez, argi dago pandemiaren aurretik zeuden aldarrikapenek indarra hartu dutela, osasun eta zaintza sistemek zituzten (eta dituzten) ahulguneak inoiz baino ageriago utzi dituela. Osasungintza publikoak, Munduko Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) gomendatutakoak baino aurrekontu urriagoak jasotzen ditu, ez da berria Lehen Mailako Arretak %14a jasotzen duela %20-25 izan beharko lukeenean, berdin Osasun Publikoaren kasuan non %1,1 jasotzen duen eta gomendatutakoa %2-3 den. Lehen Mailako Arreta (LMA) biztaleengandik hurbilen dagoen egitura izanik, osasun sistemaren zuzendari izateko egokiena da, zubi lanak eginez bigarren maila asistentziala eta tokiko errealitatearen jakitun,  jendartearen arteko zubi izanez. Tokiko udaletako gizarte zerbitzuekin, hezkuntza komunitatearekin, adineko elkarteekin elkarlana bultzatuz, bai eta beste eragile zein erakundeekin koordinazioa estua sustatu, lan komunitarioa baldintza duinetan egitea bermatuz. Ikuspegi “ospitalozentrista”, biologizista eta indibidualista batetik haratago, bizitza osasuntsu baterako programak diseinatu behar dira ikuspegi komunitario batetik (zainketak, ariketa fisikoa bultzatzeko, elikadura osasuntsua indartzeko, adikzioak eta kontsumoak gutxitzeko, egungo egonezin eta nahigabeak gestionatzeko etab.), etxe, ikastetxe zein adineko egoitzetan egin ahal izateko. Zaintza edo arreta soziosanitarioa eta osasun sistema bateratu behar dira, baina zaintza sanitarizatu gabe. Pandemiak agerian utzi du bi sistema publiko hauen deskonexioa. Bata Jaurlaritzaren Osasun Sailaren eskumena den bitartean, bestea aldundiena da, bakoitza bere berezitasunekin. Eta tartean langileak, lan gainkarga itzela jasaten komunikabideen lupapean egon diren bitartean, eta erabiltzaile zein familiak, hauen eskubideei entzungor eginez zenbaitetan. Osasun zentruetan lan-taldeak sortu behar dira ebidentzian oinarritutako protokoloak definitzeko, formakuntza amankomuna egin ahal izateko, eta tokiko populazioen baldintzatzaile nagusiak ezagutzeko ikerketak aurrera eramateko. Horretarako beharrezko baldintza bat da langile guztien egonkortasuna bermatzea. Bizitza goitik behera irauli zaigu. Balio izan dezala aspaldiko aldarrikapenei entzunez, hartutako neurrietatik hausnarketak egin, eta etorkizuna hobetzeko. Ez gaitezen behin eta berriro harri berdinean erori, orduan ezin izango baitiogu birusari errurik bota. Bil zaitez hausnarketara Covid19 Liburu Zuriaren bitartez!